XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lerro hauek irakurritakoan, baten batek esango du gainera, ea zer kristodemonio ardura dioten inori nire ibilerek, baina, zorionez, lehendik ere ohituta nago kritiketara, ez alferrik deitu zidan behin gure kritikari bakarrenetako batek, pailazo, pailazo eta pailazo, egiten niharduen lan bat amaituta ikusi baino lehenago.

Gauzak horrela dira, ordea, zer egingo zaio ba.

Karramarroek beti bilatu behar dute arrain ustela, erleek loreak lez.

Bakoitzak du hemen bere ogibidearen zama, zakurrek buztana bezala, alajaineta, eta kritikari arduragabe hark, mamu dohakabe eta txoriburu hark, berea.

Ez naiz, beraz, hasi aurretik, inoren hitzekin izutuko.

Noan, ordea, luzamendu alferrikakorik gabe harira eta nor naizen agertzera.

Gerratean hil zen osaba baten omenez, Nikolas dut izena baina lagun minenek Alaja deitzen didate, neuk ere ez dakidalarik zergatik, alajaineta.

Hamaika bider baino, hamabitan ere bai, galdetua diet zergatia, baina kale.